2007/04/30

BIDEZKO MERKATARITZA



Goiko bideoan bidezko merkataritzaren adibideak ikus ditzakezue eta garapen iraunkorraren ereduren bat ere bai. Baina badakigu bidezko merkataritza zer den? "Hirugarren Mundua"rekin truke zuzen eta bidezkoen oinarrituriko harreman komertzialak izateko elkartasun-alternatiba da. Horretan ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko harremanek ahalik eta hierarkia txikiena izan behar dute, hau da, bitartekaririk gabe.

Beraz, bidezko merkataritzaren helburu nagusia ekoizleen bizi baldintzak hobetzea da, merkatuetan sartzen lagunduz, egindako lanarengatik bidezko prezioa ordainduz eta harremanekin jarraituz, eta beren ondasunen zati bat komunitateetako oinarrizko baldintzak hobetzera bideratuz (hezkuntza, osasuna...).

Hauexek dira bidezko merkataritzaren printzipioak edo arauak, CONSUMER EROSKI aldizkariaren arabera ( 72. zenbakia - 2003ko abendua) :
  • Ekoizpen kooperatibak parte-hartzaileak izan daitezela benetan.
  • Bidezko prezioa ordaintzea.
  • Soldata eta lan baldintza duinak.
  • Sexu, arraza, erlijio diskriminaziorik ez.
  • Haurren edozein explotazio mota gaitzestea.
  • Merkataritza harremanak epe luzera.
  • Merkantzia aldez aurretik ordaintzea (% 60 arte).
  • Mozkinen inbertsioa komunitatearen garapenean.
  • Ingurumenarekiko errespetua.
  • Kalitatezko produktuak.

Bidezko merkataritzan erakunde desberdinak daude inplikatuta. Hauek erabakitzen dute dendak eta salmenta guneak jartzeko lekurik aproposenak zeintzuk diren. Denda hauetan (bai birtualetan ere) eros ditzakegun produktuak ondorengoak dira: elikagaiak (kafea, txokolatea, mermelada, gailetak, eztia, fruitu lehorrak, etab.), artisauen lanak (bitxiak, ehunak, jantziak eta janzteko osagarriak, jostailuak, etxerako apaingarriak...). Honelako produktuak non erosi jakiteko joan zaitezte helbide honetara:
http://www.comerciojusto.org/stakeholders/

SAKELAKO TELEFONOAREN MORROI

Gaur egun badirudi sakelako telefonorik gabe ezin dugula bizi. Denok daukagu, denok erabiltzen dugu eta askok gehiegi. Eta zergatik diot "gehiegi"? Nire ustez osasunerako eragin kaltegarriak ekar ditzakeelako: hala nola, ikus eta entzun ezazue hurrengo bideoan esaten dena.

Aurrekoaz gain, sakelako telefonoen erradiazio magnetikoek, azkenengo ikerketen arabera, giza ADNari kalte egin diezaiokete. Beraz, sakelako telefonoa erabili aurretik gomendatzen dizuet klik egiteko hemen , non sakelako telefonoa era egokian erabiltzeko aholku baliagarriak ematen diren.

Sakelako telefonoaren gehiegizko erabileraren ondoriorik larriena adikzioa da. Ikerketa ezberdinen emaitzek frogatzen dute telefono mugikorrarekiko adikzioa gaixotasun psikologikoa dela, itxurazko efektu fisikorik gabekoa, baina berariazko sintomak sortarazten dituena: antsietatea, haserrekortasuna, agresibitatea, utzikeria, isolamendua, adikzioa ez aitortzea, telefono mugikorraz etengabe pentsatzea... dira garrantzitsuenak.

Ez da erreza sakelako telefonoari atxikita dagoenaren profila egitea, baina badaude ezaugarri amankomunak pertsona horietan: heldugabetasuna, autoestima baxua, komunikatzeko zailtasunak, eta abar, Blas Bombín psikiatrak esaten duenez. Haurrak eta gazteak dira sakelako telefonoen biktima nagusiak. Izan ere, etengabe publizitatearen bonbardaketa jasaten ari dira, jokoetara, zozketetara, lehiaketetara gonbidatuz. Gainera, gazteek hilean diru asko gastatzen dute SMS-ak bidaltzen, jokatzen, musika, bideoak eta irudiak deskargatzen, chat-ean sartzen...

Kezkatzekoa da, batez ere, azken urteotan sakelako telefonoa erabiltzen dutenen adina nola jaitsi den, gaur egun 10 urteko haurrak ere telefono mugikorrarekin ikus ditzakegulako, nahiz eta haurrari babesa eskaintzen dioten erakunde anitzek 16 urte bete arte ez erabiltzeko aholkatu.

Eta esandako guztia gutxi balitz, hona hemen haur txikientzat saltzen duten mobila: Mo1 izenekoa. Hauxe baino ez genuen behar!!!!


Argazkia www.tecnogadgets.com i esker.

2007/04/28

PLASTIKOZ INGURATUTA



Plastikozko mundu batean bizi gara. Urtero mundu osoan 100 milioi tona baino gehiago fabrikatzen dira. Plastikoa ez dago naturan, petrolioaren deribatuetatik sintetizatzen da eta hainbat plastiko-mota daude. Material hau arrakastatsua da ontzi gisa, merkea, arina, malgua eta aurkezpen-posibilitate ugaritakoa delako.
Hala eta guztiz ere, plastikoek ingurumenean eragin kaltegarria dute: erretzen direnean atmosferara sustantzia toxikoak eta beste zenbait sustantzia kutsatzaile askatzen dituzte, gehienak biodegradagarriak ez direlako. Baina badaude biodegradagarriak ere, eta beraien artean bioplastikoak deiturikoak.
Produktu bat erosten edo kontsumitzen dugun bezain laster ontzia hondakin bihurtuko da. Beraz, denok ikasi behar dugu zer egin hondakin horiekin zaborraren kalitatea hobetetzeko eta ingurumenaren kutsadura murrizteko. Horretarako pausu bat plastikozko hondakinak birziklatzea da, beste hainbat produktu desberdin eta beste erabileretarako errentagarriak direnak ekoizteko asmoz. Beheko bideoan ikus dezakezue plastikoak birziklatzearen adibide bat.

Beste pausu bat ontzien puntu berdea da. Puntu honek adierazten du produktu edota ontzi honek SIGen parte hartzen duela. SIGa Kudeaketako Sistema Integrala da, hau da, ontziak eta beraien hondakinak bildu eta tratatzeko prozedura, eta horretan hainbat enpresak parte hartzen dute (ontziratzaileak, fabrikatzaileak, banatzaileak, birziklatzaileak...).

2007/04/14

TATUAJEAK ETA PIERCING-AK SEGURTASUNEZ


Lehengoan ikasle bat etorri zen ezpaina handituta. Antza denez, aurreko egunean piercing bat egin zioten eta infektatu egin zitzaion. Nork egin zion? Non? Zein baldintzatan? Segurtasunez? Giro osasuntsuan? Nola? Zein preziotan? Arriskuei buruz informatu zioten? Horretaz pentsatu ostean, blog honetan gai hau eta tatuajeena tratatzea erabaki dut.
Horregatik piercing eta tatuajea jartzeko , tatuajea kentzeko eta piercing edo tatuaje zentro batean kalitate irizpideei buruz informazioa ezagutzeko link ugari dituzue blog honetan.

2007/04/07

GURE GORPUTZA PUBLIZITATEAREN ERAGINPEAN

Betidanik izan du gizakiak bere gorputza apaintzeko, nolabait ere zaintzeko eta bere irudiaz arduratzeko joera. Gaur egun, kontsumitzaileak bere irudi beste pertsona baten itxura edukitzeraino aldatzeko moduko baliabide, teknika, produktu eta zerbitzuak ditu eskura. Baina, giza estetikaren patroiak asko aldatu dira: antzina lodi egotea edo bihurgunez betea izatea osasunaren eta edertasunaren seinale zen; gaur egun, aldiz, guztiz kontrakoa, denok argalak eta estuak izan behar gara.

Gaurko publizitateak eta modek emakumeen eta gizonen edertasun eredu nagusietan eragin itzela dute. Komunikabideen botereak beraien aurrean gaudenok esklabu bihurtzen gaitu; hau da, beraiek saltzen dituzten jantziek, orrazkerak, kosmetikoek, light produktuek, argaltzeko dietek, gorputz perfektuek, kirurgia estetikoak... gure gorputza aldatzera bultzatzen gaituzte. "Harro egoteko sufritu egin behar da", ez al da egia?

Neurri batean guzti honekin erlazionatuta, beren gorputzaren irudiarekin konforme ez dauden pertsonengan gaixotasun bereziak eta, zoritxarrez, ospetsuak agertzen dira: anorexia, bulimia eta "vigorexia" (gehiegizko kulturismoa) . Hirurak norbere buruarekin konforme ez egotetik datozen autotorturatzeko modu ezberdinak dira. Hiruretan autoestima eza, arrisku fisikoa eta, batez ere, bururako arrisku handia daude.

Nire ustez, argi dago gauza bat dela obesitateari ihes egitea, eta beste bat baskularen menpe egotea.

Argazkia wikipediari esker.

2007/04/04

DIETA OREKATUA

Gasteizko Ekialdea Institutoan, Eusko Jaurlaritzak "Kontsumoa eskoletan" programaren bitartez tailer batzuk antolatu ditu. Horietako bat elikadura tailerra izan da. Tailer honetan ikasleari tresna batzuk (esaterako, elikagaien gurpila eta adinaren arabera gomendatutako elikagaien kantitateei buruzko taulak) eman zaizkio bere dieta orekatua den ala ez aztertzeko, bere dietaren arazoak identifikatzeko eta zein gabezia dituen aurkitzeko . Horrez gain, energia- gastua kalkulatzeko oinarrizko nozio batzuk eman dira.

Tailer honetan, eta lehenago geure eguneroko bizitzan ere, konturatu gara gazteek gosari arinak eta bizkorrak egiteko ohitura dutela. Halaber, jolas garaian hamaiketako bezala litxarreria ugari hartzen dute. Labur esanda, tailer honen beste helburu bat izan da elikaduran egiten diren akatsak eta ohitura txarrak ohartarazi eta saihestea.

Nolakoak dira zure elikadura ohiturak? Onak ala txarrak? Zer uste duzu euskaldunon elikadurari buruz? Dieta orekatua jarraitzen dugu? Kaloria kopuru egokia hartzen dugu? Ariketa fisikoarekin kontuz ibili behar dugu? Galdera hauen eta beste batzuen erantzunak jakin nahi badituzu irakur ezazu Lea Artibai Ikastetxeko Elikagaien Industrietako irakaslea den Igor Agotek idatzitako artikulua.
Argazkia http://www.nutricion.org etik hartua.