2007/06/03

URA, URREA BAINO PREZIATUAGOA

Gaur egungo munduan ur asko alferrik galtzen dugu, eta daramagun martxan batek daki etorkizunean hurrengo bideoaren pertsonaiak kontatzen diguna gertatuko zaigun:


Beraz, konponbidea da uraren kontsumo arduratsua edo, beste era batera esanda, ura aurreztea. Baina helburua lortzeko jendea kontzientziatu beharko dugu, hezkuntzatik hasita. Benetan badakigu nola aurreztu ura? Benetan kontrolatzen dugu etxean kontsumitzen duguna? Zure erantzuna ezezkoa bada, nahi baduzu ikusi hurrengo bideo laburra, ea zeozer berria ikasten duzun.

Bukatzeko, proposatzen dizut zure etxeko uraren erabilerari buruzko galdera batzuei erantzutea, eta horrela kalkulatzeko eta jakiteko zure kontsumoa noraino den egokia. Galdera hauek erantzuteko egizu klik link honetan.

2007/05/21

BIOMASA

Gaur bero itzela dago eta hemen nago posta egiten aireztailua martxan jarrita. Horrelako egunetan energia piloa kontsumitzen dugu. Gure energia beharrak asetzeko energia iturri berriak behar ditugu, eta hobe berriztagarriak badira, biomasa esaterako. Izan ere, ondorengo bideoan ikus dezakezunez, hondakin organikoetatik energia atera dezakegu:


Honekin lotuta, berri interesgarri bat irakurri dut: Karrantzan elektrizitatea lortzeko 13000 behien bekorotza erabiliko dela, biogasa sortuz.
Biomasa nekazaritza eta abeltzaintzatik lor daiteke, baina gure eguneroko hondakin organikoetatik ere bai. Beraz, hondakinak sailkatzea oso garrantzitsua da, eta horretan hezitu behar gara kontsumitzaileok.
Hurrengo webgunean aurkituko duzu biomasaren erabilerari buruzko esteken zerrenda bat:

2007/05/19

HAURRAK LANEAN, ZORITXARREZ!

Arropa, kirol materiala, jostailuak... erosten ditugunean, normalean ez dugu kontuan hartzen non, nola eta noren lanaz eginda dauden. Hau da, ez dakigu haurren lanaren emaitzak diren edo lan honetan haurren eskubideen aldarrikapena errespetatzen den ala ez. Adibidez, ez gara konturatzen haurrak alaitzeko balio duten jostailuen atzean askotan beste haur askoren mina eta tristura daudela, haurren lan esplotazioaren ondorioz.




Badakizu ekainaren 12an mundu osoan Haurren Lanaren Aurkako Eguna ospatuko dela? Dena den, gai hau ez da egun bateko kontua. Izan ere, elkarte asko dabiltza borroka honetan. Eta horietariko batek, Unicefek hain zuzen ere, uste du hezkuntza dela haurren lanaren zulotik ateratzeko bide zuzena. Honen adibide bat Carla, Boliviako haurra, da. Eta beste kasu bat da "La espalda del mundo" filmaren pertsonai nagusietariko batena: Guinder, Peruko haurra.

Euskal Herrian ere badaude gazte eta haurren eskubideen alde lan egiten duten elkarteak. Gasteizen, adibidez, Izan Elkartea dugu. Elkarte honek "Zer dugu...?" dohako aldizkaria argitaratzen du, bere web orrian ere dagoena. Azken aleak, 17. zenbakiak, "Haurren esplotazioa munduan " izenburua du.

Gai honi buruz informazio gehiago eskuratu nahi baduzu klikatu hurrengo webguneetan:

http://www.monografias.com/trabajos/einfantil/einfantil.shtml

http://www.ropalimpia.org

Argazkia Vera-Cruz Ikastetxeari esker.

2007/05/12

ETXEKO ARRISKUAK

Etxean kontuz ibili behar dugu kontsumo produktuekin eta etxeko gauzekin, askotan istripuak eta, batez ere, haur istripuak gertatzen direlako: pozoidurak, ebakiak, erredurak, erorketak, elektrokuzioak, adibidez.

Etxeko istripuen jatorri nagusia "akatsak" izaten dira, bai produktu berarenak, bai geureak. Izan ere, gizakion arduragabekeriak ondorio larriak ekar ditzake eta ez bakarrik lanean, etxean ere bai. Maiz gauzak behar ez den tokian jartzen ditugu, ez gara konturatzen umeak edo adineko pertsonak hurbil dabiltzala, eta etxea leku arriskutsu bihur dezakegula; hau da, bainugela, sukaldea, egongela eta logela "minez" beteriko gelak izan daitezke.
Gai honi buruz gehiago jakin nahi baduzu (batez ere, haurtzaroan gertatutako istripuak nola saihestu eta zein segurtasun neurri hartu) joan zaitez http://www.svnp.es/AccidEz.htm -era. Dena den, etxeko istripuen prebentzioari buruzko informazioa eta istripuen ondorioak konpontzeko aholkuak aurkitzeko ere, hemen duzu beste webgune interesgarri bat:

2007/05/01

EROSKETA EKOLOGIKOA

Argi dago erosketak ondo eta era arduratsuan egitea ez dela erreza, gauza pilo bat kontuan hartu behar baitituzu: etiketak, produktuen jatorria, osagaiek eta ontziek kutsa dezaketen ala ez, osasunerako onurak edo kalteak, nola ekoiztu diren, eta abar luze bat. Eta hori gutxi balitz, ordaindu ondoren karroa begiratu eta plastikozko poltsak baino ez dituzu ikusten. Baina ez pentsa, hau ez da erosketa arduratsuari buruzko kritika, kontrakoa baizik. Erderaz esaten dute "para presumir hay que sufrir" eta nik esango nuke egoki kontsumitzeko ere bai, kontsumoan hezteak onurak baino ez ditu ekartzen, bai gizakiontzako bai ingurumenerako. Beraz, erosketa ekologikoa irtenbide ona izan daiteke.


Erosketa ekologikoari buruzko aholkuak, etiketa ekologikoei buruzko informazioa eta ingurumenerako erosketa ekologikoaren onurak ondorengo web guneetan aurki ditzakezu:
http://www.malagareforesta.org/luscinia/verarticulo.php?idart=588
http://revista.consumer.es/web/eu/20061001/medioambiente/70786.php
http://ec.europa.eu/environment/ecolabel/pdf/infokit/consumer_factsheet_es.pdf

Elikadura ekologikoaren ezaugarriak eta bere abantailak, ohikoarekin konparatuz, ezagutu nahi badituzu, klikatu hurrengoan:

http://www.amatusalud.com/salud-alternativa/modules.php?name=Content&pa=showpage&pid=28

PILAK, GURE MUNDUKO MOTOREA



Ia gauza guztiek pilak behar dituzte funtzionatzeko. Gizakiok ere taupagailurakoak behar ditugu. Baina mota ezberdinetako pilak daude, tamainu, forma, osaketa eta abarren arabera. Guztiak metal astunez egiten dira: nikelaz, kadmioaz, berunaz, litioaz, merkurioz... Eta osagai toxiko hauek ura eta atmosfera kutsa ditzakete, askatzen badira. Beraz, zer egin behar dugu gastaturiko pilekin? Ondo deritzozu zakarrontzira botatzeari?


Honelako galderei erantzuna emateko, nahi baduzu sar zaitez hurrengo helbideetan:
http://www.20minutos.es/noticia/84379/0/menos/boton/pueden/

Adibidez, Bilboko udalak pilak birziklatzeko ideia bat praktikan jarri du: eskolumeen artean pilentzako ontzi txikiak banatzea. Ez da ideia makala hezkuntza eta kontsumoa bateratzeko!

Hala eta guztiz ere, birziklaketaz aparte, ingurunerako hobe da sare elektrikoa edo berriz kargatzeko pilak erabiltzea. Zein da zure iritzia?

Argazkia http://www.ecosur.net/ i esker.

2007/04/30

BIDEZKO MERKATARITZA



Goiko bideoan bidezko merkataritzaren adibideak ikus ditzakezue eta garapen iraunkorraren ereduren bat ere bai. Baina badakigu bidezko merkataritza zer den? "Hirugarren Mundua"rekin truke zuzen eta bidezkoen oinarrituriko harreman komertzialak izateko elkartasun-alternatiba da. Horretan ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko harremanek ahalik eta hierarkia txikiena izan behar dute, hau da, bitartekaririk gabe.

Beraz, bidezko merkataritzaren helburu nagusia ekoizleen bizi baldintzak hobetzea da, merkatuetan sartzen lagunduz, egindako lanarengatik bidezko prezioa ordainduz eta harremanekin jarraituz, eta beren ondasunen zati bat komunitateetako oinarrizko baldintzak hobetzera bideratuz (hezkuntza, osasuna...).

Hauexek dira bidezko merkataritzaren printzipioak edo arauak, CONSUMER EROSKI aldizkariaren arabera ( 72. zenbakia - 2003ko abendua) :
  • Ekoizpen kooperatibak parte-hartzaileak izan daitezela benetan.
  • Bidezko prezioa ordaintzea.
  • Soldata eta lan baldintza duinak.
  • Sexu, arraza, erlijio diskriminaziorik ez.
  • Haurren edozein explotazio mota gaitzestea.
  • Merkataritza harremanak epe luzera.
  • Merkantzia aldez aurretik ordaintzea (% 60 arte).
  • Mozkinen inbertsioa komunitatearen garapenean.
  • Ingurumenarekiko errespetua.
  • Kalitatezko produktuak.

Bidezko merkataritzan erakunde desberdinak daude inplikatuta. Hauek erabakitzen dute dendak eta salmenta guneak jartzeko lekurik aproposenak zeintzuk diren. Denda hauetan (bai birtualetan ere) eros ditzakegun produktuak ondorengoak dira: elikagaiak (kafea, txokolatea, mermelada, gailetak, eztia, fruitu lehorrak, etab.), artisauen lanak (bitxiak, ehunak, jantziak eta janzteko osagarriak, jostailuak, etxerako apaingarriak...). Honelako produktuak non erosi jakiteko joan zaitezte helbide honetara:
http://www.comerciojusto.org/stakeholders/

SAKELAKO TELEFONOAREN MORROI

Gaur egun badirudi sakelako telefonorik gabe ezin dugula bizi. Denok daukagu, denok erabiltzen dugu eta askok gehiegi. Eta zergatik diot "gehiegi"? Nire ustez osasunerako eragin kaltegarriak ekar ditzakeelako: hala nola, ikus eta entzun ezazue hurrengo bideoan esaten dena.

Aurrekoaz gain, sakelako telefonoen erradiazio magnetikoek, azkenengo ikerketen arabera, giza ADNari kalte egin diezaiokete. Beraz, sakelako telefonoa erabili aurretik gomendatzen dizuet klik egiteko hemen , non sakelako telefonoa era egokian erabiltzeko aholku baliagarriak ematen diren.

Sakelako telefonoaren gehiegizko erabileraren ondoriorik larriena adikzioa da. Ikerketa ezberdinen emaitzek frogatzen dute telefono mugikorrarekiko adikzioa gaixotasun psikologikoa dela, itxurazko efektu fisikorik gabekoa, baina berariazko sintomak sortarazten dituena: antsietatea, haserrekortasuna, agresibitatea, utzikeria, isolamendua, adikzioa ez aitortzea, telefono mugikorraz etengabe pentsatzea... dira garrantzitsuenak.

Ez da erreza sakelako telefonoari atxikita dagoenaren profila egitea, baina badaude ezaugarri amankomunak pertsona horietan: heldugabetasuna, autoestima baxua, komunikatzeko zailtasunak, eta abar, Blas Bombín psikiatrak esaten duenez. Haurrak eta gazteak dira sakelako telefonoen biktima nagusiak. Izan ere, etengabe publizitatearen bonbardaketa jasaten ari dira, jokoetara, zozketetara, lehiaketetara gonbidatuz. Gainera, gazteek hilean diru asko gastatzen dute SMS-ak bidaltzen, jokatzen, musika, bideoak eta irudiak deskargatzen, chat-ean sartzen...

Kezkatzekoa da, batez ere, azken urteotan sakelako telefonoa erabiltzen dutenen adina nola jaitsi den, gaur egun 10 urteko haurrak ere telefono mugikorrarekin ikus ditzakegulako, nahiz eta haurrari babesa eskaintzen dioten erakunde anitzek 16 urte bete arte ez erabiltzeko aholkatu.

Eta esandako guztia gutxi balitz, hona hemen haur txikientzat saltzen duten mobila: Mo1 izenekoa. Hauxe baino ez genuen behar!!!!


Argazkia www.tecnogadgets.com i esker.

2007/04/28

PLASTIKOZ INGURATUTA



Plastikozko mundu batean bizi gara. Urtero mundu osoan 100 milioi tona baino gehiago fabrikatzen dira. Plastikoa ez dago naturan, petrolioaren deribatuetatik sintetizatzen da eta hainbat plastiko-mota daude. Material hau arrakastatsua da ontzi gisa, merkea, arina, malgua eta aurkezpen-posibilitate ugaritakoa delako.
Hala eta guztiz ere, plastikoek ingurumenean eragin kaltegarria dute: erretzen direnean atmosferara sustantzia toxikoak eta beste zenbait sustantzia kutsatzaile askatzen dituzte, gehienak biodegradagarriak ez direlako. Baina badaude biodegradagarriak ere, eta beraien artean bioplastikoak deiturikoak.
Produktu bat erosten edo kontsumitzen dugun bezain laster ontzia hondakin bihurtuko da. Beraz, denok ikasi behar dugu zer egin hondakin horiekin zaborraren kalitatea hobetetzeko eta ingurumenaren kutsadura murrizteko. Horretarako pausu bat plastikozko hondakinak birziklatzea da, beste hainbat produktu desberdin eta beste erabileretarako errentagarriak direnak ekoizteko asmoz. Beheko bideoan ikus dezakezue plastikoak birziklatzearen adibide bat.

Beste pausu bat ontzien puntu berdea da. Puntu honek adierazten du produktu edota ontzi honek SIGen parte hartzen duela. SIGa Kudeaketako Sistema Integrala da, hau da, ontziak eta beraien hondakinak bildu eta tratatzeko prozedura, eta horretan hainbat enpresak parte hartzen dute (ontziratzaileak, fabrikatzaileak, banatzaileak, birziklatzaileak...).

2007/04/14

TATUAJEAK ETA PIERCING-AK SEGURTASUNEZ


Lehengoan ikasle bat etorri zen ezpaina handituta. Antza denez, aurreko egunean piercing bat egin zioten eta infektatu egin zitzaion. Nork egin zion? Non? Zein baldintzatan? Segurtasunez? Giro osasuntsuan? Nola? Zein preziotan? Arriskuei buruz informatu zioten? Horretaz pentsatu ostean, blog honetan gai hau eta tatuajeena tratatzea erabaki dut.
Horregatik piercing eta tatuajea jartzeko , tatuajea kentzeko eta piercing edo tatuaje zentro batean kalitate irizpideei buruz informazioa ezagutzeko link ugari dituzue blog honetan.

2007/04/07

GURE GORPUTZA PUBLIZITATEAREN ERAGINPEAN

Betidanik izan du gizakiak bere gorputza apaintzeko, nolabait ere zaintzeko eta bere irudiaz arduratzeko joera. Gaur egun, kontsumitzaileak bere irudi beste pertsona baten itxura edukitzeraino aldatzeko moduko baliabide, teknika, produktu eta zerbitzuak ditu eskura. Baina, giza estetikaren patroiak asko aldatu dira: antzina lodi egotea edo bihurgunez betea izatea osasunaren eta edertasunaren seinale zen; gaur egun, aldiz, guztiz kontrakoa, denok argalak eta estuak izan behar gara.

Gaurko publizitateak eta modek emakumeen eta gizonen edertasun eredu nagusietan eragin itzela dute. Komunikabideen botereak beraien aurrean gaudenok esklabu bihurtzen gaitu; hau da, beraiek saltzen dituzten jantziek, orrazkerak, kosmetikoek, light produktuek, argaltzeko dietek, gorputz perfektuek, kirurgia estetikoak... gure gorputza aldatzera bultzatzen gaituzte. "Harro egoteko sufritu egin behar da", ez al da egia?

Neurri batean guzti honekin erlazionatuta, beren gorputzaren irudiarekin konforme ez dauden pertsonengan gaixotasun bereziak eta, zoritxarrez, ospetsuak agertzen dira: anorexia, bulimia eta "vigorexia" (gehiegizko kulturismoa) . Hirurak norbere buruarekin konforme ez egotetik datozen autotorturatzeko modu ezberdinak dira. Hiruretan autoestima eza, arrisku fisikoa eta, batez ere, bururako arrisku handia daude.

Nire ustez, argi dago gauza bat dela obesitateari ihes egitea, eta beste bat baskularen menpe egotea.

Argazkia wikipediari esker.

2007/04/04

DIETA OREKATUA

Gasteizko Ekialdea Institutoan, Eusko Jaurlaritzak "Kontsumoa eskoletan" programaren bitartez tailer batzuk antolatu ditu. Horietako bat elikadura tailerra izan da. Tailer honetan ikasleari tresna batzuk (esaterako, elikagaien gurpila eta adinaren arabera gomendatutako elikagaien kantitateei buruzko taulak) eman zaizkio bere dieta orekatua den ala ez aztertzeko, bere dietaren arazoak identifikatzeko eta zein gabezia dituen aurkitzeko . Horrez gain, energia- gastua kalkulatzeko oinarrizko nozio batzuk eman dira.

Tailer honetan, eta lehenago geure eguneroko bizitzan ere, konturatu gara gazteek gosari arinak eta bizkorrak egiteko ohitura dutela. Halaber, jolas garaian hamaiketako bezala litxarreria ugari hartzen dute. Labur esanda, tailer honen beste helburu bat izan da elikaduran egiten diren akatsak eta ohitura txarrak ohartarazi eta saihestea.

Nolakoak dira zure elikadura ohiturak? Onak ala txarrak? Zer uste duzu euskaldunon elikadurari buruz? Dieta orekatua jarraitzen dugu? Kaloria kopuru egokia hartzen dugu? Ariketa fisikoarekin kontuz ibili behar dugu? Galdera hauen eta beste batzuen erantzunak jakin nahi badituzu irakur ezazu Lea Artibai Ikastetxeko Elikagaien Industrietako irakaslea den Igor Agotek idatzitako artikulua.
Argazkia http://www.nutricion.org etik hartua.

2007/03/31

ELIKAGAIEN GEHIGARRIAK EDO ADITIBOAK

Kontsumitzen ditugun produktu gehienen produkzio, banaketa eta salmenta prozesuak lortu duen sofistikazioa kontuan hartuta, ezin esan gaur egun elikatzeko dugun modua eta duela urte batzuetakoa oso antzekoak direnik. Herrialde bateko puntu batean –edo munduko edozein tokitan– fabrikatutako produktuak handik denbora luzera, urruneko puntu batean eta egoera onean kontsumitu ahal izateko kontserbatu beharra izan zen, besteak beste, bere garaian elikagaien arloan kimika sartu izana eragin zuen arrazoietako bat.

Ia elikagai guztiak kontserbatu beharrak kontserbatzaile artifizialen agerpena dakar. Teknika naturalak –gazitzea, ozpinetako kontserba eta abar– ez dira nahikoak denentzat. Beraz, elikagaiei beren propietateak mantentzeko edo fabrikazioan eta kontserbazioan galdutakoak berreskuratzeko ezarrita dauden kantitate jakin batzuetan gaineratzen zaizkien sustantziak dira gehigarriak. Gaur egun kontsumitzen ditugun produktu guztien bi heren baino gehiagok aditiboak dauzkate.

Legez onartutako gehigarriak zerrenda ofizial batean agertzen dira letra eta zenbaki bidez kodetuta. Batzuk naturalak dira, eta beste batzuk, artifizialak. Dena den, ahalik eta gehigarri gutxien kontsumitzea da egokiena. Horretarako, produktuen etiketan elikagai bakoitzak dituen gehigarriei buruzko datuak hartu behar da kontuan.

Etiketetan agertzen diren aditiboen informazio zehatzagoa izan nahi baduzue (zer motatakoa den, zertarako erabiltzen den, ea osasunerako ondoriorik duen...), zatozte gehigarrien bilaketara.

Argazkia http://www.alimentacion-sana.com etik hartuta dago.

2007/03/24

KONTSUMO GELAK

Hona hemen Eusko Jaurlaritzak sortutako ideia bat, kontsumitzaileen heziketarako: Kontsumo gelak. Ideia edo programa honek, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, bai helduentzat, bai umeentzat, bai ikastetxeetarako tailerrak, ikastaroak, hitzaldiak eta beste hainbat ekintza eskaintzen ditu. Gainera, ematen den prestakuntza guztia doakoa da.

Tailerrak kontsumo arloko gaiei hurbiltzea ahalbidetzen duten prestakuntza iraunkorreko gelak dira. Esate baterako elikadura, publizitatea, kontsumitzaileen eskubideak, teknologia berriak eta segurtasunaren gaiak tailer horietan lantzen dira.
Kontsumo gelen barruan badago beste ekintza interesgarri bat, KZ Gunea. Zertan datza? Orokorrean, teknologia berriak erabiliz kontsumoari buruzko gaiak lantzean.

Espero dut emandako informazioa eta, batez ere, hiperloturak erabilgarriak izatea. Eta helbideak, telefonoak eta informazio gehiago eskuratu nahi baduzue klikatu hurrengo linkean.

2007/03/17

AURKEZPENA


Kaixo!

Edurne Amuriza naiz, Zornotzakoa. Haur Hezkuntza ikasteaz gain, aurten Gasteizko IES Ekialdean lan egiten dut, zientzia arloko ikasgaiak ematen.

Nire helbide elektronikoa hauxe da: eduramuriza@euskalnet.net.

KONTSUMOA HEZKUNTZAN


Nire blogean Hezkuntza eta Kontsumoaren arteko erlazioaz hitz egingo dut. Egia esan, oso garrantzitsua deritzot gizartea Kontsumo arduratsu batean hezitzea. Beraz, gai zabal honekin erlazionatutako berriak, proposamenak, aholkuak...aurkeztuko dizkizuet. Espero dut baliagarri eta erabilgarriak izatea.